Musika eta makinen hotsak uztartuko ditu Kataia ikuskizunak Makina-Erremintaren Museoan

2014/11/17

Makina-erremintaren mendeurreneko ospakizunen barruan, Kataiak izeneko ikuskizuna eskainiko da Makina Erremintaren Museoan azaroaren 28an, 3 emanalditan: 19:30ean, 20:30ean eta 21:30ean.
Sarrera doan izango da eta Kultur etxean eskuratu beharko da.
Aitor Nova musikari elgoibartarraren proiektu honek musika, museoko makinen hotsak eta enpresetan grabatutako irudi zein soinuak uztartzen ditu, makina-erremintaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuz.

Klik haundi ikusteko

Ricardo Garate, Aitor Nova, Jagoba Astiazaran eta Pedro Ortuondo, Kataiak egitasmoaren aurkezpenean, Museoan.

Kataiak 30 minutuko ikuskizun interaktiboa izango dela aurreratu du Aitor Novak. “Ikusleek estimulu asko jasoko dituzte. Izan ere, ikuskizunaren lehen zatian, publikoa museoko bisitari bihurtuko da, eta musikariek bertako makinak bailiran jokatuko dute. Hala instrumentuen soinua makinen hotsekin eta bisitarien pausoekin uztartuko da”.

Ikuskizunaren bigarren zatia museoko lantegi nagusira mugatuko da. Han, zuzeneko musika, elektronika eta irudien bidez, ikus-entzunezko berri bat sortuko dute.  Aitor Nova berak ere parte hartuko du zuzeneko musika jartzen.

 Zuzenean joko duten musikaren partiturak, berriz, Jagoba Astiazaran konpositore gazteak sortutakoak dira. Bi sortzaileek Elgoibarren goiko bideoan azaltzen dituzte Kataiak ikuskizunaren nondik-norakoak (Bideoa eta informazio iturria: www.elgoibarren.net)

  • Musikariak : XareLaborategia.
  • Musika zuzendaria : Txaber Fernandez.
  • Konposizioa : Jagoba Astiazaran.
  • Ekoizlea: Aitor Nova.
  • Arduradun Teknikoa: Iñigo Asensio.
  • Diseinua: Carmiña Dovale.