Abian da BIZILABE, Elgoibarko gazteen artean zientzia eta teknologia bultzatzeko ekimen berria
Elgoibarko Udalak urrian jarriko du martxan udalerriko industria sektorea sustatzen laguntzeko asmoarekin, besteak beste.
Elgoibarko Udalak 5 urte baino gehiago daramatza lanean, udalerriko neska-mutiko txikiekin. Horretarako, ikasleei zuzenduriko tailer teknologikoak, Robotika izenaz ezagutzen direnak, jarri izan ditu abian. Urte hauetan, 250 haur inguruk parte hartu izan dute tailerrotan, eta programazioari, robotikari, sentsorikari, muntaketarako trebetasunei… buruzko proiektuak egin izan dituzte, era dibertigarrian eta ludikoan.
2019-2020 ikasturteari begira, udalak beste aurrerapauso bat eman nahi du eta berrikuntza gisa, BIZILABE izeneko gunea jarriko du abian, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena bultzatzeko, eta bidenabar, ikasleen gaitasunak garatzeko eta jabekuntzan aurrera egiteko. Hala, 11 eta 14 urte arteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egin ahal izango dituzte, gune fisiko baten baitan; Debabarrenean, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetan, ikerkuntzan diharduten emakumeen laguntzarekin.
Ane Beitia Elgoibarko alkatearen esanetan “udalerriko industria sektorea sustatzen laguntzeko asmotan, eta bestetik, teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua egiteko xedearekin sortutako ekimena da BIZILABE”.
Izena emateko momentuan kontuan izan beharreko informazioa:
- Tokia: Makina Erremintaren Museoa.
- Hasiera 2019ko urriaren 5ean.
- Ostiralero.
- 11-12 urte: 17:00etatik 18:30era.
- 13-14 urte: 18:30etik 20:00etara.
- Plaza mugatuak: 15 lagun saio bakoitzean.
- Prezioa: 18 € neska edo mutiko bakoitzeko.
- Izena emateko irailaren 16a baino lehen https://labur.eus/bizilabe2019-2020ikasturteaelgoibar
Ekimen honekin hasi aurretik, urritik aurrera, BIZILABE zer izango den labur-labur azaltzeko, tailer monografiko bat egin nahi da, maketen eta prototipoen diseinua eta sorrera oinarritzat harturik:
- LTokia: Makina-Erremintaren Museoa.
- 209ko irailaren 2tik 6ra.
- 11 urtetik 14 urtera.
- Plaza mugatuak 15 lagunentzat.
- 10:00etatik 12:00etara.
- Prezioa: 15 € neska edo mutiko bakoitzeko.
- Eman izena uztailaren 25a baino lehen https://labur.eus/irailekotailerraelgoibar
Iraileko lehenengo tailer honetan parte hartuko dutenek Debabarrenako topaketan erakutsiko dituzte egindako proiektu guztiak:
- Tokia: Maalako parkea.
- Eguna: irailaren 28a.
- Ordutegia: 10:00-14:00.
- Dohainik.