Makina sinpleak ezagutzen (Lehen hezkuntza 3. zikloa)

Programa didaktikoa

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen curriculumean “Makinak  eta eragile mekanikoak” lantzen dira, eta Elgoibarko Makina Erremintaren Museoak gaia jorratzeko aukera bikaina eskaintzen du. Errementariek erabiltzen zituzten tresnetatik hasi eta makina sinpleen garapeneraino.

“Makina sinpleak ezagutzen”, Heziberri 2020 dekretuan Lehen Hezkuntzako curriculumean teknologiaren inguruan zehazturiko edukiei erantzungo dien unitate didaktikoa da. Eduki eta metodologia aldetik lehen hezkuntzako 3. zikloari egokituriko programa didaktikoaren bitartez, makina sinpleen ezagutza, haien sorrera edo eta aplikazioak aztertzen dira. Horretaz gain, Elgoibarko herriaren garapenean horren garrantzitsua izan den makina-erremintara hurbilketa sustatzen da. Hori guztia, garaian garaiko herria, herritarrak, Deba bailara edota inguruak baldintzaturiko testuinguruan kokatuta eskaintzen da.

Helburuak

  • Makina sinpleak ezagutzea. Makina sinpleen beharraz ohartzea.
  • Makina sinple bakoitzaren funtzioaz jabetzea.
  • Garaian garaiko herritarren bizimoduetara hurbiltzea.
  • Gizakia eta garapenaren arteko lotura ulertzea.
  • Elgoibarko Makina Erremintaren Museoko ondarea ezagutzea.
  • Beste ikaskideekin taldean lan egitea.
  • Makina sinpleen erabilera ezberdinen inguruan hausnartzea.
  • Makina sinple bat egitea: Egurrezko gurpila.

Edukiak

Baliabide ezberdinak erabiliz, makina sinpleei esker gizakiak bizi izan duen garapenaren berri ematen diegu ikasleei, hasierako errementarietatik gaur egungo makina erremintagintzara iritsi artekoa.

Unitatearen helburu nagusia makina sinpleen inguruko ikuspegi ezberdinak jorratzea da.

Jorratuko diren eduki zehatzak:

  • Gizakiaren historian eman den garapen teknologikoa ezagutu.
  • Makina sinpleak historian zehar. Makina sinpleetatik makina konplexuagoetara garapena ikusi.
  • Makina sinple bakoitzaren funtzioaz jabetzea.
  • Makina sinpleak: motak, haien bitartez lorturiko emaitza.
  • Garai bateko eta egungo erabilerak.
  • Emakumeen ekarpena industrian: buruturiko lanak, hezkuntza, erlijioaren zama …
  • Makina erremintaren aitzindariak, lehen ekintzaileak. Artisauetatik, industrializaziora.
  • Bailarako lanbideak: erramintariak, burdinsaregileak, armagileak, bizikleta ekoizleak, makina erreminta fabrikatzaileak, josteko makina fabrikatzaileak …

Museoa ezagutzen

  • Non: Makina Erremintaren Museoan.
  • Iraupena: 1h 15´ inguru.

Helburua: batetik, museoan jasotzen den ondarearen berri ematea adinari egokituriko modu erakargarrian, eta bestetik, makina sinpleak ezagutzea.

Ikasleentzako baliabideak: ikus-entzunezko aurkezpena, taldekako erronka burutzeko fitxa eta makina sinpleen tailerra garatzeko materiala.

Garapena: ikasleak museora iristerakoan, ongi etorria eman eta egunean zehar garatuko den programa azalduko zaie. 3 jarduera nagusi burutuko dira:

1 ) Aurkezpena: Makina Erreminta Museoaren eta makina sinpleen aurkezpen orokorra talde osoarentzako eta Bideo laburra (15 min).

2 ) Taldekako erronka: 4 taldetan banatuta burutzeko erronka: taldeak dagokion fitxa eskuratuko du eta bertan proposatzen zaizkien ariketak osatu. (45 minutu)

3 ) Tailerra: 4 taldeetan banatuta, makina sinple ezberdinak ezagutu.  Erabilera eta erabilera ezberdinen garrantziaz ohartu. Iharduera pratikoetan: Polea finkoa, mugikorra eta polipastoaren jarduera praktikoarekin 25 kg. narruzko poltsarekin frogak egin ahal izango ditu eta gurpilak muntau. Behin tailerra amaituta, Museko bisita liburuan talde osoaren argazkia. (15 minutu)