Denbora igaro ahala, Elgoibarko San Pedro, Soraluzeko La Euscalduna eta Eibarko Orbea (besteak beste) enpresetan trebatutako ofizialak tailer osagarri txikiak ezartzen joan ziren, tresneriaren fabrikazioaz, ordezko piezen mekanizazioaz eta makina-erreminten konponketaz arduratzen zirenak.
XIX. mendearen amaieratik aurrera, bilakaera natural baten ondorioz, euskal enpresa horietako batzuk makina-erremintak fabrikatzen hasi ziren, lehenengo fabrikatzaile ingelesen aldean 75 urteko atzerapenarekin. Gure historia, makina-erreminta fabrikatzaile gisa, XIX. mende amaieran hasten da.
Armen industriak bere azken goieneko aldia bizi izan zuen Lehen Mundu Gerran zehar (1914 – 1918). Gero, gainbehera etorri zen: berritu ala hil erabaki behar zen, eta metamorfosia izugarria izan zen. Enpresek armak egiteari utzi zioten eta berehala, makina-erremintak (Ciaran y Estarta, Cruz Ochoa, Orbea), bizikletak (B.H., Orbea, G.A.C.), josteko makinak (Alfa, Sigma), etab. fabrikatzen hasi ziren, betidanik horretan jardun izan balute bezala. Neurri batean, hala zen. Mendeetan pilatu zuten jakinduria eraldatzailea ez zen alferrikakoa izan.
Dibertsifikazioa ez litzateke posible izango eskualdeko armagintzaren historia arrakastatsuan pilatutako esperientziarik gabe, armak egiteko, ezinbestekoak baitira jakintzak eta zehaztasuna. Arma bat egiteko gai dena edozer fabrikatzeko gai da.
Elgoibarko Ciaran y Estarta
José León Ciaran (1876-1948)
Elgoibarko Alzola auzoko Mizpillibar baserrian jaio zen. Lehen ikasketak Alzolan egin zituen eta 1890. urtean armagina izateko ikasketak hasi zituen Markinan. Kubako Gerran parte hartu zuen eta bertan, Juan Caballero abokatu donostiarra ezagutu zuen.
Gerratik itzuli zenean, Markinan lan egin zuen berriz, 1898an Elgoibarko San Francisco kalean tailer bat muntatu zuenera arte. Juan Caballero lagunak Belgikara lagundu zion, non zulagailuak egiteko planoak lortu zituen. Negozioari bere bazkideen lankidetzarekin eta laguntzarekin ekin zion, Tomás Zubizarreta medikua eta Juanjo Goyogana.
Eulogio Estarta (1891-1955)
Familia langile batetik zetorren eta ez zuen hezkuntza arautu bat eskuratzeko behar beste baliabide. Hamabi urte zituela aita galdu zuen, eta Elgoibarko Fundiciones San Pedro-n ikastun sartu beharra izan zuen, bere familiaren beharrak asetzen laguntzeko, anaien artean zaharrena baitzen.
San Pedron, doitzaile mekanikoaren ikaskuntzak egin zituen. Estarta gazte oso arduratsua zen eta lanorduetatik kanpo trebatzen jarraitzeko sakrifizioa hartu zuen, Elgoibarko Arteen eta Ogibideen Eskolako gaueko klaseetara joaten baitzen; irakasleen arreta deitu zuen, marrazketarako eta mekanikarako zuen gaitasun handia zela eta.
Hobetzeko grina handia zuen eta Bilbora lekualdatu zen, bertan, garai batean zehar, tailer mekaniko batean lan egiteaz gain, marrazketa eta mekanika ikasketak egin zituen. 23 urte zituela Elgoibarrera itzuli zen eta aipatu bezala, Ciaranekin topo egin zuen.
1914ko apirilaren 21ean, Ciarán y Estarta sozietatea sortu zen, José León Ciarán Arrillagak eta Eulogio Estarta Landak osatua. Tailer berria armen industriarako makinak eta gailuak konpontzen eta eraikitzen hasi zen eta makina-erreminten eraikuntzan nabarmendu ziren.
Euren negozioa garatzeko zeukaten kapitala laster ez zen nahikoa izan, hortaz, José León Ciaranek eta Eulogio Estartak Elgoibarko Teodoro Ecenarro merkataria bazkide gisa hartu zuten. 1915eko irailaren 21ean, sozietate erregular kolektiboa osatu zen, Ciaran, Estarta y Cía. izena hartu zuen eta makineria eraikitzeaz arduratzen zen; egoitza soziala Elgoibarren zuen, San Francisco kalea, zenbakirik gabeko etxean, Juan Irustaren onibarrean.
Elgoibarko Estarta y Ecenarro
1920ko irailaren 18an, Ciaran, Estarta y Cía. sozietatearen desegite partziala gertatu zen eta Estarta y Ecenarro izatera igaro zen. José León Ciaranek sozietatekoa izateari utzi zion eta, eskriturak sinatu zituzten egunetik aurrera, Ciaran, Estarta y Cía. izenean aritu zen sozietateak Estarta y Ecenarro izen sozialaren baitan jardun zuen. Zeuzkaten zorrak konpondu zituzten eta urte gutxira, enpresa errentagarria eta sendoa zen.
Gerra Zibilaren garaian (1936-1939), Santa Ana kaleko Estarta y Ecenarro, inguruko beste tailer asko bezala, armak fabrikatzeaz arduratzen zen. Gera amaitzean, josteko makinak egiteko hasteko helburuarekin, Olaso hilerri ondoko lursailak erosi zituzten eta pabilioi berriak eraiki zituzten. Horri esker, aldi berean, makina-erremintak eta Sigma josteko makinak fabrikatu ahal izan zituzten.
Fabrika berrian, Gerra Zibilaren ondorengo eskaera handia zela eta, zulatzeko makina zutabedunen eta mahai gaineko zulatzeko makinen ekoizpena eta aukera areagotzen joan ziren pixkanaka. Segidan, mota askotariko prentsa eszentrikoak fabrikatu zituzten, zisne-lepo erakoak eta bi zutoinekoak.
1948. urte inguruan, lehenengo kopiatzeko tornu hidraulikoa egin zuten, Dubied firmaren modelo suitzar batean oinarritua. Artezteko makina zentrogabeen lehen fabrikatzaileak ere izan ziren, modelo txiki bat ateraz eta hurrengo urteetan aukera osatuz.
Josteko makinen fabrikazioan emakumeek izan zuten parte-hartzea erabakigarria izan zen horien ekoizpenari, muntaiari eta haria emateari dagokionean. Emakumeek esku txikiagoak eta meheagoak izan ohi zituztenez, produktu horietako pieza txikiak maneiatzeko eta muntatzeko trebatuagoak zeuden, abilezia behar baitzen, ez indarra. Ordainsariaren zati bat etxeko ekonomiari laguntzera zuzentzen zen, baina hala ere, emakumeak lan-munduan sartzeak independentzia ekarri zuen haientzat. Emakumeak lan-munduan sartzearen eta egindako arroparen hedapen gorakorraren ondorioz, etxekoandreek etxean josteari utzi zioten eta josteko makinen salmentek beherakada handia jasan zuten.
Gainera, Espainia Europar Batasunean sartu zenean, Estarta y Ecenarro-k (SIGMA) ez zuen egoera berrira egokitzen jakin. Euskal enpresak nazioarteko merkatuetan lehiakorrak izatetik urrun zeudela eta teknologiaren eboluzioari dagokionean ia belaunaldi bateko atzerapena zutela konturatu ziren.
1990. urtean, Estarta y Ecenarro-k “Sigma Book” josteko makina berria atera zuen merkatura, baina porrot egin zuen. Hori dela eta, Estarta y Ecenarro-ren amaieraren hasiera iritsi zen, eta 1995ean enpresa likidatu zuten.