Bailarako historia industriala

Aperejugileen gremioak.

Kanoigileen gremioa.

Kaxaginen gremioa.

Txispaginen gremioa.

 

Debabarrena eskualdea Gipuzkoako industria-garapenaren erdigune garrantzitsuenetako bat izan da. XV. eta XIX. mende artean armagintzarako artisau-prozesuak erabiltzen zituzten armaginen gremioa desagertzearekin batera, Debabarrena eskualdean ekimen pribatuko lehenengo fabrikak sortu ziren, besteak beste, Fábrica San Pedro de Elgoibar (1876), Eibarko Orbea y Cia (1840) eta Soraluzeko Euscalduna (1861). Horietan guztietan, produktuak fabrikatzeko prozesu industrialak erabiltzen hasi ziren.

 

Eskualdeko lehengo industriak

 

Elgoibarko San Pedro fabrika

Tximiniak.

1858. urtean, Romualdo García Narvalaz merkatari nafarrak Galdakaoko (Bizkaia) irin-fabrika bat martxan jartzen parte hartu zuen. Urte batzuk geroago, siderurgia-negozioaren interesa izan zuen eta Elgoibarko Karkizano burdinola erosi zuen (Deba ibaiaren ondoko ibar batean, tradizioz Lamiko potzua gisa ezagutzen zen leku batean), labe garaietan egur-ikatzezko lingoteak eskuratzeko gai izango zen burdin-fabrika batean eraldatzeko. Fabrika Deba ibaiaren ur-bazterretan kokatzen zen eta bertara iristeko, burdinazko eta harrizko zubi bana eraiki ziren. Fabrika kokatzeko unean, hainbat faktore izan ziren kontuan: Bilbo-Donostia errepidearekiko eta trenbidearekiko hurbiltasuna; Deba ibaiaren emaritik lortutako energia hidromekanikoa; ibaian Alzolatik (fabrikatik 3 km-ra) Debako portura (Bizkaitik datorren mineralaren sarbidea) nabigatuz joateko aukera eta azkenik, hurbileko mendietako baso-masa oparoa.

San Pedro de Elgoibar sozietatea sortu aurretik, bitartekariak eta kapitalaren jabeak izan ziren bi sozietate osatu ziren. 1876ko abuztuaren 28an Romualdo García y Cía eta Ybarra, Basterra y Cía enpresa sortu ziren Bilbon.

Romualdok J.M. Semprúnen lankidetza izan zuen, Sesé, Urigoitia y Compañía sozietate komanditarioari dagokiona, San Pedro de Araian (Araba) egur-ikatzerako labe garaiak dituen fabrika bateko jabea. Azken hori eta Sana Ana de Bolueta izan ziren Euskadiko siderurgia-enpresa modernoen artean egur-ikatzerako lingotea eskuratzen lehenak. Labe horiek piztea euskal siderurgiaren modernizazioko gertaera gogoangarri bat izan zen. Teknologia hori eskuratzearekin batera, prozedura zuzenak bertan behera uzten hasi ziren eta garapen teknologiko bizkor bati ekin zioten, 1885. urtean altzairu-bihurgailuak txertatzearekin amaitu zena.

Romualgo Rufina Ogara Islarekin ezkondu zen, Antonio Ogararen alaba, Santa Ana de Bolueta (Bizkaia) enpresako sortze-akzioduna. Siderurgia-negozioan eta ikatzaren merkataritzan bere aitaginarreba egoteak Romualdo siderurgian murgiltzera bultzatu zuten.

Karkizanon bi labe garai eraiki ziren, egur-ikatzerako lingotea eskuratu eta gero leuntzeko eta pudelatzeko. Fabrika bost nabez eta 10.000m2 inguruko azaleraz osatuta zegoen.

Enpresa osatu ondoren, bi labe garai eraiki ziren, egur-ikatzerako lingotea eskuratu eta gero leuntzeko eta pudelatzeko. Bilboko burdina eta Asturiasko ikatza lortzeko mineralaren hornidura Durango-Zumarraga trenbideen bitartez eta Deba eta Zumaiako itsas-portuen bitartez gauzatzen zen. Elgoibarko San Pedro fabrikak, gutxienez, hiru itsasontzi izan zituen, belazko bat (Constanza) eta bi lurrunontzi (Albertito eta Rufina).

Romualdo García Narvalaz Bilbotik Durangorako eta Durangotik Zumarragarako –Eibartik– trenbideetako (Iparraldekoarekin lotzeko) akziodun garrantzitsu bat izan zen, zeinaren ibilbide osoa 1889ko abuztuan ireki zuten. Bere interesak defendatuz, influentzia guztia erabili zuen trenbidea Maltzagatik Elgoibarreraino iritsi zedin.

Aipatu trenbidea 1887ko abuztuan iritsi zen Elgoibarrera eta irailaren 19an inauguratu zen. Adar baten bidez, San Pedro fabrikaraino iristen zen eta Karkizano izeneko geralekua zeukan, ondorioz, harlanduzko bigarren zubi baten beharra zegoen eta San Pedro izena jarri zioten. Geralekuan uniformedun langile bat zegoen, trafikoa zuzentzen zuen eta tokian bertan, familiarentzako etxebizitza bat zeukan.

Trenbidea Elgoibarrera iritsi zenean, San Pedrok aldaketa handia jasan zuen, lehengaien hornikuntzari eta egindako produktuak bidaltzeari dagokionez.

Luis Mari Ecenarro Osorok “Elgoibar de las ferrerías a la máquina-herramienta” liburuan gogorarazten digunaren arabera, enpresa elgoibartarraren jabetzako gabarra batek Bilboko Atxuri geltokia eta itsasadarreko mineralak kargatzeko tokiak lotzen zituen. Fabrikan, mineralez kargatuta iristen ziren treneko bagoiak Lerun-Txiki idi bikoteak tiratzen zituen eta gero, palaz deskargatzen ziren. Merkantziak bidali behar zirenean, alderantzizko eragiketak egiten ziren.

Elgoibartik Donostiarako trenbideen konpainia Bilbon sortu zen 1890ean, eta geralekua Elgoibarko San Pedro siderurgia-fabrikan bertan zuen, Francisco Macía Igartuaren lehendakaritzapean eta Roque García eta Pedro Basterra kontseilarien presentziarekin.

Labe Garaiak.

Bi labe garaiak 12 metroko garaiera eta 2,5 metroko barne-diametroarekin eraiki ziren. Labearen arragoak metro bateko diametroa eta egunero 24 tona fusionatzeko gaitasuna zuen. Labe horren neurriak 30 urte lehenago (1848) Santa Ana de Boluetak eraikitakoaren oso antzekoak ziren. Labe garaia mineralez kargatzen zen, goiko aldetik, erregaia behealdetik sartzen zen eta bertan, burdinaren fusioa gertatzen zen. Labearen barrualdea adreilu erregogorrekin eraiki zen eta kanpoaldea, aldiz, adreilu arruntekin eraiki zen, burdinazko uztailekin indartu zen eta harroinen bidez eutsi zen. Barnealdeko estaldura edo atorra eta kanpoaldearen artean hareaz edo zepaz betetako espazio bat uzten zen, beroa gutxi eroaten zuten eta labearen barnealdea dilatatzea ahalbidetzen zuten. Multzoa putz egiten zuen makina batekin eta modu hidraulikoan elikatutako burdinazko zilindroekin osatzen zen. Labe horiek jasogailu bat izan zuten karga labearen goiko aldetik sartzeko.

1877. urtean martxan jarri zirenetik, urteroko kontsumoa 200 tona mineral (Ollargango hematite gorria, Bizkaia), 2.000 tona lingote, 3.300 tona txatar eta 4.500 tona egur-ikatz izan ziren. Fabrikako gainerako instalazioen energia-kontsumoari dagokionez, jatorri hidromekanikoa izan zuten. Deba ibaiak hornitutako indar eragiletik abiatuta, fabrikara iristen ziren bi ubide eraiki ziren, bakoitzak 500 m-ko luzera zuen eta guztira, 3.000 litro/segundoko emaria zuten. 9,3 metroko garaierarekin eraikitako ur-jauzira iristean, lau turbina hidrauliko mugiarazten zituzten, 600 CV-ko potentzialarekin. Energia-kontsumo handiena ijezketa-trenena izango zen. Bestalde, matxura edo agorraldi kasuetarako, fabrikan ezarritako lurrun-makina ezberdinak mugiarazteko gai zen lurrun-galdara bat ezarri zen.

Romualdo García XIX. mendeko azken hamarkadan hil zen eta fabrika bere hiru semeen eskuetara igaro zen: Roque, Pablo eta Romualdo García Ogara.

Une horretan, enpresaren izena “Hijos de Romualdo García” izatera igaro zen. XX. mendearen hasieran, fabrikaren ekoizpenak behera egin zuen, sektorean zegoen lehiakortasuna zela eta. Krisi horrek burdina gozoaren lehiakortasun falta zegoela erakutsi zuen, Bessemer bihurgailuetan eta Martín-Siemens labeetan lortutako altzairuekin alderatuz, zeintzuek altzairu gozoak eta estragozoak sor zitzaketen, hainbat aplikaziotan burdina pudelatua ordezkatzeko gai zirenak eta, beraz, kostu txikiagoa zutenak.

Elgoibarko fabrikak ez zuen altzairua egiteko teknologia berritik alde batera geratu nahi izan. Hori dela eta, bi Martín-Siemens altzairu-labe ezarri ziren, iragazte bakoitzean 6 tonako edukiera erabilgarria zutenak. Inbertsio horretaz gain, gasogenoak, haizagailuak, garabi bat eta proba-mailu bat erosi zituzten. 30 metroko luzera zuen iragazketa-fosa bat eraiki zuten bi Martín-Siemens labeetarako. Fosan zehar, bagoneten gainean muntatutako zaliak ibiliko ziren eta moldaketa maskor gisa irekitako lingote-ontzietan egingo zen. Altzairutegi ondoko eraikin batean, 15 CVko lurrun-galdara erdifinko bat muntatu zen, zeinak 12 CVko lurrun-makina bat eta Roox haizagailu bat mugiarazten zituen. 120 kiloko lingote bat lortuz, urteroko gaitasuna 6.000 tona altzairu inguru izango da.

Altzairua ijezteko, itsatsitako tailerretan 3 ijezketa-tren kokatu ziren, 25 tonako eguneroko gaitasunarekin. Altzairuzko lingoteak totxoan eta jantoian arbastatzeko lehenengo tren-bikotea, 100 CVko lurrun-makina batek mugitua. Profilak ijezteko bigarren tren-bikotea, 150 CVko turbina hidrauliko batek mugitua. 60 mm-ko zabalerako zumitzak eta profil txikiak ijezteko hirugarren tren-hirukotea, 150 CVko turbina hidrauliko batek mugitua (200 CVko lurrun-makina bat zegoen erreserban).

Elgoibarko San Pedro siderurgia fabrika, 1961.

1918ko urtarrilean, Hijos de Romualdo García enpresa Sociedad Anónima San Pedro de Elgoibar bilakatu zen. Enpresak Gerra Handian zehar lortu zituen ekoizpen handienak. Instalazioen modernizazio urria eta lingote bat egur-ikatzerako lehen fusioan erabiltzea izan ziren salmentek behera egitearen arrazoi nagusienetakoak. Zumitzaren ekoizpenean jarduten zutenez, bitarteko produktu siderurgiko hori fabrikatzeko gaitasuna eta erabilitako teknologiak ezin izan zioten aurre egin siderurgia-industriaren modernizazioari.

Ekoizpenean beherakada bat egon zenean, langileen kopurua ere pixkanaka murrizten joan zen. 1917. urtean 140 langile izatetik 100 langile izatera igaro ziren 1932an.

Energiaren hornidurari dagokionez, Girard sistemako 4 turbina hidrauliko bertikalek ematen zuten energia, Deba ibaiaren emariak eraginak, 100 CVko 2, 50 CVko bat eta 20 CVko beste bat. Aurrekoez gain, agorraldietarako, Macorkmin sistemako tutu-formako ikatzezko lurrun-galdara bat muntatu zen. Galdara hori Compound erako 100 CVko lurrun-makina bat elikatzeaz arduratzen zen.

Instalazioetan zehar materialak garraiatzeko, Alexandre erako 30 CVko motor eramangarri bat eskuratu zuten, 20 CVko lurrun-makinarekin.

Elgoibarko fabrikak ezin izan zuen –edo ez zuen nahi izan– bere jarduera tradizionala negozio-arlo berrietara berrorientatu. Kalitate handiko materia bat zuten arren (zumitza), fabrikaren jarduera amaitzen joan zen pixkanaka. San Pedro de Elgoibarrek 1990eko martxoaren 22an amaitu zuen bere industria-jarduera eta era antolatuan itxi zen.

 

Soraluzeko Euscalduna

“La Euscalduna fábrica”, Soraluze 1930.

1861. urtean, Soraluzeko fabrikatzaile batek, Jose Ignacio de Ibarra e Iribecamposek, lursail bat erosi eta Euscalduna fabrika eraiki zuen. 1862ko uztailaren 20an, Zuazubizcar, Ysla y Cía. sozietateak higiezina eskuratu zuen eta, bertan, gerrarako su-arma eramangarriak egin zituzten, batez ere Remington fusilak. Espainiako armadarentzako izango ziren eta ordura arte Europan ezagutzen zen makineria modernoena eta perfektuena erabiliz egin zituzten. Igarateko fabrika zaharra eskuratu zuen. Aldi berean, soldata finko bat izateko irrikan zeuden armagile maisu asko langile gisa hartu zituen. Era horretan, ordura arteko gremio armagileen antolakuntzarekin amaitu zen.

Soraluzeko Euscalduna enpresako inbentarioaren arabera, ekoizpen-bide garrantzitsuz hornitua zegoen, 120 makina-erreminta barne hartuz, besteak beste: tornu paraleloak kanoientzat eta pieza handiagoentzat, zulatzeko eta ildokatzeko makinak, eskuila horizontalak eta bertikalak, jaurtigaiei bandak kokatzeko prentsa, zulagailuak eta fresatzaile-bilduma eder bat, non besteak beste, Brown & Sharpe etxe estatubatuarraren lau fresatzaile unibertsal nabarmentzen ziren, eta espoletentzako makina bereziak. Beharrezko energia sortzeko, lurrun-makina horizontal bat zeukaten, 25 CVko bi galdara, 9 CVko gurpil hidrauliko bat eta 7 CVko beste batekin. Makinak mugiarazteko, 300 m. inguruko luzerako transmisio orokor batez baliatzen ziren, diametro ezberdinetako 307 polea eta brontzezko kojineteak bermatzeko hormako 123 euskarri zintzilikarirekin.

1869. urtean, Zuazubizcar, Ysla y Cía. desegin egin zen, eta erreleboa La Euscalduna sozietateak hartu zuen, urte hartako ekainaren 3an sortu zenak eta bere izena fabrikaren izenetik hartu zuenak. Desegin berria zen sozietatearen ondasun higigarriak eta higiezinak eskuratu zituen, eta bere helburua, Soraluzen su-armak eta arma zuriak egitea zen, beraz, herri horretan finkatu zuen egoitza soziala.

1873tik 1876ra bitartean, azken Gerra Karlistan zehar, karlistek fabrika okupatu zuten eta euren zerbitzura jarri zuten.

1878. urtean, ondasunek jasandako kalteen eta sozietateak pilatu zituen zorren ondorioz, eta Estatuarekiko hainbat kontratu desegin ondoren, La Euscalduna konpainia deuseztatu egin zen eta berriro ere tailer txikiak sortzen hasi ziren. La Euscalduna bahitua izan zen, bere ondasunak enkante publikoan saldu ziren eta Hijos de Agustín de Heredia sozietateak erosi zituen.

1887an, hainbat urtez jarduera geldirik egon ondoren, urriaren 13an, fabrika Nordenfelt Guns & Ammunition Company Limited etxe anglo-suediarrak erosi zuela jakinarazi zen, 1886an sortua eta ontzi-artilleriaren fabrikazioaz arduratzen zena. Baina egiaz, bere filialaren bitartez egin zuen erosketa, Compañía Anónima de Placencia de las Armas enpresa hain zuzen ere, azaroaren 27an Londresen sortua, non bere egoitza soziala finkatu zuen; Espainian artilleria fabrikatzeko helburua zuen, Rodríguez Arias Itsas-programaren argitalpen ofizialarekin.

1888ko otsailaren 27an, Compañía Anónima de Placencia de las Armas-ek Hijos de Agustín de Heredia sozietatearen negozioa erosi zuen. 1894. urtean, fabrika prestatu zen, fusilak egitetik artilleria egitera igarotzeko. Enpresak 190 langile zituen.

1897an, Maxim eta Nordenfelt finantza-fakultateak ez zetozen bat bere artilleria-trebeziarekin eta bigarrena Vickers Sons & Co. Ltd. korporazio britainiarrak ordezkatu zuen, itsasontzien, turbinen eta armamentuaren eraikuntzaz arduratzen zena; horrela, Vickers, Sons & Maxim Ltd. sortu zen. Hori izan zen enpresa britainiarrak Erresuma Batutik kanpo egindako lehenengo inbertsio zuzena. Fabrika beraz, Vickers, Sons & Maxim Ltd.-ren Espainiako estrategiaren gako-pieza gisa ezarri zen, izan ere, herrialdean jabetza osoko lantegi bat izateak bere lehiakideek zutena baino mugimendu-tarte handiagoa ematen zion enpresa britainiarrari. 1902. urtean, fabrika ixtea aztertu zuten.

1935eko uztailaren 19an, Sociedad Anónima de Placencia de las Armas (SAPA) sortu zen, kapital espainiarrarekin, Compañía Anónima de Placencia de las Armas sozietatearen ondasun higigarri eta higiezin guztiak erosiz.

1936-1939 artean, Gerra Zibilarekin batera, fabrika militartu egin zen. 1937ko martxoan, Maltzagan ezarritako frontearekiko hurbiltasuna zela eta, ekoizpenaren zati bat Beasainen eta Andoainen alokatutako nabe batzuetara lekualdatu zen. 1944ko irailean Andoaingo fabrika berria martxan jarri zen.

1976ko apirilean, La Euscalduna fabrika eraitsi egin zuten. Denbora bat igaro zen jada bulego eta zerbitzu nagusiak fabrika berrian instalatu zirenetik, hortaz, fabrika zaharra osagarri gisa geratu zen; bertan, artilleria-kanoien makina harri-zulatzaileak, forja, etab. egon ziren.

XXI. mendean: Soraluzeko SAPA fabrikaren jarduera Andoaingo tailerren lan osagarria egitera murriztua geratu zen eta ondorioz, 2005eko irailean itxi egin zen. Langileak Andoaingo fabrikara lekualdatu ziren. 

 

Eibarko Orbea

Eibarko Orbea arma fabrika, 1913 (Eibarko Udal Artxikoa).

Orbea Hermanos 1840. urtean sortu zen Eibarren, Juan Manuel, Mateo, Casimiro eta Petra Orbea Murua anai-arrebek sortu zuten, pistoidun errebolberrak, kartutxoak eta pistolak fabrikatzen jarduteko helburuarekin. 1880. urte inguruan, Mateok hainbat tornu eta brotxatzeko makina mota eraiki zituen bere ekoizpenerako. XIX. mende erdira arte, su-armak aurrekargakoak ziren, hau da, aurreko aldetik kargatzen ziren. Garai hartatik aurrera eta alferrikako saiaketa askoren ondoren, atzekarga izeneko armez ordezkatzen hasi ziren. Lehenengoetan, bolbora, baketa eta jaurtigaia –berunezko bala edo bola, ordena horretan– baketa baten laguntzaz sartzen ziren, tiroa irtengo zen ahotik kanoiaren errekamararaino. Txinparta eta metxa-armen kasuan, giltzaren almetxa bolboraz elikatu behar zen; kolpekatzean, kapsula fulminantea kebidean kokatu behar zen. Kartutxoaren edo zorraren agerrerarekin, karga kanoiaren atzealdetik sartzen hasi ziren, atzekarga.

1864. urtean, Orbea Hermanos-ek lehenengo eskaera handia banatu zioten Marinako Ministerioari (Kerr modeloko 4.000 errebolber). Orbeak fabrikatutako modelo gehienak atzerriko modeloen kopiak izan ziren. Mende bukaeran, arma laburrak Armadan eta Marinan soilik erabiltzen ziren. Orokorrean, arma-mota horien guztien akabera oso zakarra izaten zenez, leuntzeko eta damaskinatzeko lanak izan ziren Gipuzkoako esparru armagilearen ekarpen nagusienetakoak. Orbea enpresaren kasuan, bere armamentuaren leunketa beste fabrikatzaileengandik bereizten zuen elementu bilakatu zen.

1890. urtean, tailerrak elektrifikatu zituen, zentral hidroelektriko txiki bat eraiki zuen eta energia soberakina merkaturatzera iritsi zen. 1895erako, Eibarko Urkizu auzoko instalazioek 50 langileri ematen zieten lana eta urtean 80.000 errebolber ekoizten zituzten. Data horrek etapa baten amaiera markatu zuen, bazkide sortzaileetako bi hil baitziren. Enpresa Orbea y Cía. izatera igaro zen eta laster, Espainiako arma laburren fabrikatzaile nagusienetako bat izatera iritsi zen. Ez ziren armak ekoiztera mugatu, non ehizarako eskopetek eta aretoko armek ospe izugarria izan zuten, pieza-multzoak ere fabrikatzen zituzten, eta 1906az geroztik, baita nakarrezko objektu txikiak ere.

1906an, 406 langile zituen eta ekoizpenaren % 90 esportatzen zuen; hiru zentral hidroelektriko izan zituen, bi Elgoibarren eta bat Soraluzen. Orbeatarrak kartutxogintzaren negozioan ere murgildu ziren eta euren Eibarko instalazioetan, egunean 25.000 kartutxo egitera iritsi ziren. Gora egiten ari zen eskaerari erantzun ahal izateko, 1907. urtean, tailer bat ireki zuten Buenos Airesen, Argentinan, 60 langilerekin eta urtean 36,6 milioi kartutxoko ekoizpenarekin. Hala ere, 1912an Unión Española de Explosivos-i emandako monopolioak Eibarko kartutxoen tailerra ixtea eragin zuen. 1915ean, galdategi bat muntatu zuten Matxaria inguruan, burdinurtu grisa, xaflakorra eta burdinazkoak ez ziren aleazioak ekoizteko. Galdaketa grisean, zuloan moldatu eta kubilotean fusionatuta, lau tonarainoko piezak egiteko gaitasuna zuten.

Lehen Mundu Gerra oparoaldia izan zen Orbea etxearentzat, 1916. urtean 725.183 arma esportatu baitzituen. Hala ere, gerra amaitu zenean, gainprodukzioaren krisi logiko batek sektorea kolpatu zuen eta ondorioz, enpresak zailtasunak izan zituen. 1923. urte inguruan, tailer mekanikoa handiagotu zuten eta El Moderno izeneko egundoko eraikin bat eraiki zuten. Errenteriako Construcciones Illarramendi-ren ekoizpen-makineria zati handi bat erosi zuten eta honako makinak gailentzen ziren tailer bat ezarri zuten: 100 mm.-ko barra zuen mandrinatzeko makina, lau metroko ibilbidea zuen zubi-eskuila, 3 zenbakiko fresatzaile unibertsala, puntuen artean 6 m.-rainoko tornu paraleloak, zulagailu erradialak, engranajeen neurtzailea fresa amarekin eta beste makina osagarri batzuk.

Eibarko Orbeatarrak armen negozioarekin jarraitu zuten eta hamarkada horretan, makina-erremintaren negozioan ere murgildu ziren. Orbea Hermanos jatorrizko izena berreskuratu zuten eta 1924an 300 langile eta urteko 40.000 errebolberreko ekoizpena zuten. Hala, 1926. urtean, familiako arazoak zirela eta, konpainia itxi zen eta bi enpresa ezberdin sortu ziren; bata Orbea y Cía izenarekin, zeina Eibarren geratu eta bizikletak egiten hasi zen, eta bestea, Hijos de Orbea Sociedad en Comandita izenarekin, Gasteizen (Araba) kokatu zen eta kartutxogintzan jardun zuen. Gerra Zibilaren bezperatan, Orbeak prentsak, tornu paraleloak, fresatzaileak, zulagailuak, hariztatzeko makinak, etab. egiten zituen.

Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan, tornu paralelo bat dago, bikain funtzionatzen du eta inskripzio bat dauka: Orbea y Cía, S. en C. Eibar. 30eko hamarkada amaieran eta Esteban Orbearen gerentziaren baitan, enpresak Orbea y Cía. S.A. izena hartu zuen eta pixkanaka, su-armak uzten joan zen. Gatazka amaitzean, Obeak 1.000 langile zeuzkan eta urtean 50.000 bizikleta ekoizten zituen. Zabalkuntza etapa bati ekin zion eta Espainian Velosolex sartzen aitzindaria izan zen. Hala ere, 60ko hamarkadaz geroztik, uzkurdura motel bat eman zen bizikleten eskarian.

Orbeak lurra jo zuen 1969an. Lantegia sortu zuen familiaren azken kideak, Esteban Orbeak, behea jotear zegoen enpresa bat zeukan, ordainketak atzeratuta zituen eta 1.500 langile arriskuan zeuden. Euren lanpostuei eusteko nahia zela eta, langileak Esteban Orbea konbentzitzen saiatu ziren enpresa itxi ez zezan. Aukera bideragarri bakarra kooperatiba gisa osatzea eta enpresariak marka beraiei lagatzea zen. Eta hala sortu zen Orbea kooperatiba, zeina Mondragón Corporación Cooperativa-n (MCC) barneratu zen 1971ko abenduaren 27an. 1975. urtean, Orbeak Eibarko lursailak utzi zituen eta Mallabiako egungo egoitzara lekualdatu zen.

Fabrika horiek guztiek, Elgoibarko San Pedro, Soraluzeko La Euscalduna eta Eibarko Orbea, XIX. mendean zehar sortuak, ordezko piezak egiteko ezinbesteko makina-erremintaz hornitutako tailer mekaniko bat zuten, non tornuak, fresatzaileak, limatzaileak eta zulagailuak erabiltzen zituzten. Enpresa horietan trebatutako ofizialak bereizten eta tailer mekaniko osagarriak ezartzen joan ziren, tresneriaren fabrikazioaz, ordezko piezen mekanizazioaz eta makinen konponketaz arduratuko zirenak. Gure historia, makina-erreminta fabrikatzaile gisa, XIX. mende amaieran hasten da.